2013/11/30

Batzuetan errazago

Batzuetan, errazago
maite zaitut argazkietan
aurrez aurre baino.

Poesia idazten dut
maite zaitudala adierazteko;
lehen ez zintudan maite
eta orain bai.


Idazten dut
zer naizen adierazteko,
eta lehen ez nintzen
eta orain banaiz.


Neska bat
munduaren gailurrean,
barraskilo ttiki bat eskuan
eta, guztia, babesteko gai den
irribarrea aurpegian.
Ander Shy

2013/11/26

Ermua

Ermua
zauri bat zara
Euskal Herriko gorputzean.
Mendi hegalen artean
bahiara ireki balizu bezala
biktimaren eta borreroaren arteko aldea bezain
zorrotza den labanak.  

(Mendi tontor baten ikasten duten ikasleei eskania)

2013/11/25

Astun horrek

Astun horrek, sei hilabetean behin edo, mezu bat idazten dit. Interneten daukagunarekin eta hain ondo funtzionatzen eta betetzen den Datuen Babeserako lege madarikatu horrekin, erraz oso jartzen da nirekin harremanetan.
Noizean behin, baten bati erantzuten diot, lotsa ematen didalako ez erantzuteak. Halere, badakit onena dela ez erantzuteko, bera bezalako astunek pentsatzen baitute interesatzen nauela; baina tira, horrelako kontuetan  inoiz ez dut jakin desatsegina izaten.

Astun horrek ez dakiena da badaukadala aplikazio bat, hain modernoa den tramankulu honetan, berarekin amets egiten dudan aldiak zenbatzen dituena.  Hala da: amets egin, esnatu eta berehala markatzen dut eguna. Elkar ezagutu genuenetik hamar urte pasa diren arren, harrigarria bada ere, tramankuluak kalkulatzen duen batez bestekoa nahiko baxua da.

Kontua da, atzo, esnatzean, tramankulua hartu behar izan nuen berriro. Eguna markatu eta gero, maindireen beroa aprobetxatzen dut egunkariak irakurtzeko eta posta zabaltzeko. Ezetz asmatu noren berriarekin egin nuen topo sarrerako ontzian.

Arnasotsa bota eta nirekin lo egiten duena esnatu nuen. «Besarkatuko nauzu?» entzutean bizitzaren jarioa jasangaitza irudikatu zitzaidan.


Silvia Ribés

2013/11/24

Haizearen uluak

Haizearen uluak
Irrifar behartuak
Barre algaren doinuak
Kalada eta tragoek lagunduak
Beste zentzu bat hartu du munduak
Tonu morexka dauka gaur zeruak
Eta zure begietan malkuak
Nire bihotzera dakartza damuak
Ez zaitzadala arrapatu mamuak
Ilusio faltsuen erreinuak
Etorri nirekin eman muxuak
Keinu eta besarkada estuak
Behar zaitut luze dira eta gauak
Zu barik suspirito galduak
Piropo formulatuak
Maitasun kantuak
Denak zutzat pentsatuak
Bihotz bihotzetik kanporatuak.




Leire Artozki

2013/11/23

Idazten zaitut

Aipa ezazkidazu ene gelako ortzian
enaren hegal luzeak
hiri batzuk bizi gabeko zerbaiten nostalgia
sentitzen duten inurrien antzera
kiribiltzen direlako.

Oihukatu denboraren bide galdua
behin itsasoan egondako 
zein putzutan iraungitua den
ura gaur goitik erortzen den arren, jada
ez delako itsasoko tanta zena izango.

Ederra litzateke lagun giroan zerbait hartzea
nik ere ez ditut katastrofeak maite baina
inurriek beti jaten didate eskua
besoak zabaltzen ditudanean
gauza errepikakorren beldurrez 
eta abar.

Zirrikitu batetik ikusten zaitut
gozozalea ez zen bihotzaren
taberna hortan, 
Zaz eta tankerakoak entzuten.

Askatzeko arintasunaren pisua,
ez dugulako hitzik egin lerro 
hauen urteetan, 
edo

lerroak ez dira
nire gelako ortzian
enarek gidatzen dituzten 
hari lumak baino
ilusio optikoen itsasoan dantzan

eta dena dela.


Petra

2013/11/22

Arriskutsuegia

Isiltasun tarte horretan Panpoxak esan zizkidan hitzetan gelditu naiz pentsatzen, behiek hausnartzen duten bezalaxe hausnartzen: “Beldur diot arriskutsuegia den zerbait esateari“

Eta ni guztiz enteratu ez nendin kriptikoki azaltzen jarraitu zuen Panpoxak: “Ahozkatu nahi ez dudana ahozkatzeak zer ekarriko lukeen galdetuz, sentitzen dut ikara. Hitzek kontenituko balute esanahian esaten duten guztia. En las letras de rosa está la rosa/y todo el Nilo en la palabra Nilo ahalko balitz egon, Borgesen poeman bezalaxe eta “mandinga“ errateak deabrua inbokatuko balu.“

Kezkatu baino, horrek gehiago beldurtu ninduen. Horri gehituz esandakoaren ostean bere frutazko ezpainak itxi eta biok isiltasunezko itsasoan kordokatuz laga gintuela...

2013/11/20

Bilboren 9 seme-alabak

Bederatzi seme-alaba ditu Bilbok, ez bat, ez bi, ez hamahiru. Bilbok bederatzi seme-alaba ditu. Zaharrenetik berrienera, Anton, Erribera, Merced, Hareatza, Udal, Txuri, Salve, Arrupe, Deustu eta Euskalduna dute izena.
Bederatzi seme-alaba ditu Bilbok, helburua hiribildua Nerbioi-ibaiaz babestea dute. Bilbok bederatzi seme-alaba ditu, Nerbioi itsas mihi luzea goitik igarotzeko.



Mikel Otxoa

2013/11/17

Hizki izan nahi nuke

Hizki izan nahi nuke, zure hitz goxoen artean kulunkatzeko.
Hizki izan nire eleberri gogokoenetan murgiltzeko.
Don Kixoteri erraldoiak existitzen ez direla esango al zenioke?
Eta txanogorritxoren amonari otxoari aterik ez irekitzeko?
Hizki izan nahi nuke zure edertasuna deskribatzeko.
Hizki izan piropo bihurtzeko, hizki maite zaitut batean bilakatzeko.
Irainduak alaitzeko eta gaiztoak zigortzeko, tristeak animatu eta alaiak mozkortzeko. Hizki, zu
maitemintzeko ene maiteño.
Agurrik ez legokeen mundua irudikatuko nuke, hitz polittez betetako polis bat.
Hizki izan nahi nuke, ongiaren eta maitasunaren laguntzaz gure mundua leku hobeago bilakatzeko.

Leire Artozki

2013/11/16

Eskua

Eskua, bizitzaren hasiera eta muga,
gazi gozo marren dastapena.
Batzuetan bakarrik,
besteetan konpainian, 
Arnas hotsa, mugimendua,
erritmoa, ukimena,
garaimena.


Katti

Paradisua

Zuk, guk, orain, biok, elkarrekin, besarkada, begirada, beti, inoiz, irribarrea, zurea, Walhajala, Makondo, aberria, zilborra, zurekin, muxua, ametsa, bizitza, irabazi, urteurrena, zerua, goazen, batera, mina, atsekabea, bihozmina, zu, beti zu.


Anonimoa

2013/11/14

Mona lisaren irribarrea

Teoriko eta jakintsuek milaka istorio asmatu dituzte munduan denbora gehien mantendu den irribarrea azaltzeko.

Noiztik irribarre egiteko beharrezkoa da estimuluren bat? Leonardo Da Vincik erditutako Giocondaren irribarreak belaunaldiak hausnarketan utzi ditu irribarrearen zergatia ulertzearen saiakeran. Agian pozik zegoen egun hartan, maiteminduta, txolinduta, drogatuta edo soilik planta egiten zegoen. Arrazoiak arrazoi, irribarrearen jatorriak ez du axola, irribarrea da garrantzizkoena.
Irribarre hori ia 500 urtez horma batean eskegita egon da, gizakiok mirestu dezagun. Hori da irribarrearen arrazoia. Da Vincik gizakia gizakia denetik egon den irribarrerik luzaroena sortu zuen. Belaunaldiz belaunaldi guztiek irribarrearen berri izan dute, eta hala izango da betierekotasunean.


Ez al da izango gizakiak etengabeko zoriontasun bilaketan Giocondaren irribarrean ikusi duela?


Oier Ibarra


Bi lagun

- Aupa! Zelan?
- Kaixo! Zenbat denbora ikusi gabe. Ondo, oso ondo.
- Bai! denbora asko bai.
- Zer daukazu ba, ondo zaude?
- Bueno… kili-kolo.
- Lasai, badakizu gauza guztiak konpondu daitezkeela.
- Bai bueno, arrazoia daukazu, baina gauza bakoitzak bere denbora behar du. Gogoratzen duzu nirekin zegoen neska, begi urdinduna?
- Bai, zer gertatu da horrekin?
- Zer ez da gertatu hobe esanda.
- Hasi hasieratik orduan.
- Bueno hori beste mikropilula bat izango litzateke.


Ane Zamakona

2013/11/13

Gabon kantak

Kaletik nindoala, umeen irribarre eta malkoak zekarzkidan burura ElCorteIngleseko gabon argiak. Urtero gero eta lehenago jartzen dituzte. Argi bitxiez apaindutako zementuzko munstroak, hiri osoa kontrolatzen du zerutik. Kontsumo meka honetan, bekatu guztiak dirutruk egin edo erosi daitezke.

Dirudienez Kristo, ElCorteIngleseko aparkalekuan jaio zen duela 2000 urte baino gehiago. Eta jainkoarengandik hurbilago egoteko, bere jaiolekuan edozein tresna edo trasto erosi behar dugu jainko kontsumistaren barkamena lortzeko. Erruki jauna, Kristo erruki.


Ion Urbinaga

2013/11/12

Hautsi zizkidan

Hautsi zizkidan nire eskemak
Hauspez, buruz gora hankaz behera.
Erori zitzaizkion sirenari eskamak
Nigar malkoen gazitasunean
Eta zu, irrifartsu zure etxean beste bati begira.
Zeruan bi izar berri agertu dira. Bat ni naiz eta bestea neure distira.
Gau ilunaren adiskide, nigana jeitsiko dira. Eramango naute nik nahi dudan tokira.
Goruntz eta goruntz haizearen hozkira,
epel sentituko dut nik ordea, zure muxu zaharren ordezkoak baitira.
Bat ginen orain bi gira,
loretxo guztiak ezberdinak baitira
Bai eta infernuko atarira doazen gizonen ira.
Zoaz pikutara, ilargiruntz noa ni,
han goian maitaleak betirako maitatzen baitira.


Leire Artozki

2013/11/07

Tik-tak tik-tak

Haizeak daramatza
ordu minutu eta segundoak
berriro ere zapaldu
ezineko aztarnak.
Arrapalada batean
denbora irensten du orratzak.
Jainko baten menpe
ez gara askeak,
denboraren eskuetan
nahiago jainkoak.
Bizitza kontsumitzearen itzala
menderatzen ditu beldurrak
baina jausi eta gero
beti egongo dira hasierak.
Erlojua prest dago
kargatu ditu bere armak,
eta gu gana dator
tik-tak tik-tak.


Oier Ibarra

2013/11/05

Tren bitarteko hitzak

Berandu nabil eta oran bost minutu itxaron behar ditut. Norabide eta jatorri bera duen hurrengo trena hartzeko. Egunero ordu berean, tren berean, bihotz berean.Leihotik ihesi doan hiria agurtu eta aurreko geltokian ametsak utzirik, lurrik gabeko peregrinoa. Ez dira egun onak ameslarientzat. Dena inbaditzen duen errutinaz eta homogeneotasunaz blai dago. Ez dago heriotz grisa sahiesteko ihesbiderik. Hautsa hautsaren gainean, hiltzaile grisa datorrenean, kolorezko kerrua bota behar aurpegira.



Oier Ibarra

2013/11/03

Itzalaren pisua


"Kalabazak arbolatan hasten diranian erneko dira gereziak lurrian". Hala esaten zuen amonak.

Gabrielek 16 urte bete berri ditu eta Salouera joana da eskolako lagunekin. Bertan piszinan bainatzen ari dela zakila zut jarri zaio gorputz lerden bat ikusi duenean ilehoria eta lerdena, ordura arte gustatzen zitzaionik jakin ez zekien modukoa. Orduan ez, baina handik bi gauetara diskotekan muxu eman dio gorputz ilehoriari, hartaz deus gehiago axola ez zaion arren, ez bere izenik ez nongoa den.

Gorputzak ordea eguzkia bilatu du Gabrielekin, txoratuta dago bere Helios partikularraz. Labarretik
jausi egingo luke beste muxu baten truke. Baina Gabrielek sexua besterik ez du nahi.

Izan ere kalabaza gehiegi dago munduan.
Eta itzalak, nahi dituenarentzat, larregi daude bazterrotan.

Gabrielek eta ilehoriak, biak, txasko ederra jaso dute besteagandik. Aldebiko gerizpea.


Ion Urionabarrenetxea

2013/11/02

Neure belarrietan oraindik...

...hainbat mendetan zehar askatasunaren alde borroka egin zuten horien oihartzuna burrunbatzen du. Eta nire barnean zerbait arrakalatzen da, denbora horietan isuritako odola nire zainetatik ibiliko balitz bezala. Ni, hiltzailearen, zapaltzaile handiaren aurka borrokan aritu zen gerlari bat izan banintz bezala.

Gaur labar honen ertzean eserita aurkitzen naiz, itsas zabalera begira eta ipar-haize honek aurpegia leun-leun laztanduz, askatasunaren benetako zentzua ulertarazten dit. Gure arbasoen antzera, askatasun hori defendatzeko prest sentitzen naiz eta nire gerlari trajea jantzirik daramat; soilik ezpata arkatzagatik eta ezkutua liburuengatik aldatu dudala.

Akaso ez al da izango ignorantzia askatasunaren hiltzaile eta zapaltzaile handiena?

Samadhi

2013/11/01

Ninfa bati eskeinia


Kaleak bezain erreala eta
larrosak baino askoz kaltegarriagoa.
Horrela ikusten naiz ispiluan,
mamu barnekarien joko guztiak
hasi baino lehen.

Dantza, dantza, dantza egizu biluzik
eta ez etendu erokeria sublimearekin,
Munduak ez du merezi eta,
kontzerturako kulero aproposenak
hautatzen dituzun bitartian armairuaren
aurrian.

Lo seko, ala ez hainbeste
bilakatu nahian bazare,
oxidozko zureak ez diren
beso mardul batzuen aterpean,
zaudelarik,
hurrengo egunaren menu paternalista
zein izango denaren espejismoa,
ametsetan entrometitzen zaizu.

Lelokerik. Beharrezko lelokerik,
holan diote karrikan barrena.
Irrifarre sintzeroarekin deleitatzea
badago horren aurrean,
seguru.
Bakarrik beste bi azken erregu:

...ez ezazu begirada niretaz
sekula at baztertu, itsasargi,
eta ez nazazu dutxan irrist
egin debekatu berriz ere.

Beste batek bizi dezala
interrogante ez den bizitza
ezinbesteko hori. Demoniok!

Ordu zoragarriak igaro ditut, bai,
zin egin dezaket, zure distantzia
efimeroan nahiz hurbiltasun
sakonenean.

Iñigo Medina

2013/10/30

Munstroa eta berpizkundea

Nork daki zer ote zuen Franstein doktoreak buruan munstroa sortu zuenean. Pertsonengandik hartutako zatiez osatutako munstroa. Gizaki puzzle adoragarria ulertu ezin zituen emozioen biktima izan zen. Munstro hauskor eta infantilak ez zekien ezer gizakion gorrotoari buruz.


Gizakiak munstroa segitu eta errotan erre zuten, munstroa izateagatik, bihotza edukitzeagatik erail zuten. Zein da munstroa, sortzailea ala bere lanaren ondorioa?
Gizakion puskez elikatzen den munstroa berpiztu egin da.

2013/10/29

Poltsikoak Hutsik


Poltsikoak hutsik ditut berriz. Bizitzan birritan bakarrik gertatu zait hori. Atzera begiratu eta azken urteetan egin dudanak ezertarako balio izan ez duela pentsatzeak… Adoleszentziako lehen amodioa galdu nuenean gertatu zen hori lehen aldiz. Erromantizismoa, ekaitza eta bultzada!

 Poltsikoak hutsik… Alabaina, katastrofista jarri behar ez dudala errepikatzen dit behin eta berriz amonak. Berak Bermeon Gerra Zibilaren osteko egoera gatza – eta hori bai latza! - bizi izan zuela, jatekorik dugun bitartean garai honetako gazte milindrisak –milindris-milindrisak- kezkatu behar ez dugula eta lana berez etorriko dela erraten dit beti.

Gerraostearen leÑukoek, aitona-amonek, oro bikainagoa zen aura aeris batetatik ekarri izan balituzte bezala, basikoagoak, primarioagoak eta gogorragoak dirudite.

Artean 18 urteak bete gabe, amona kontserba-lantegian lan eta lan ibiltzen zen. Arrainak bere eskuekin garbitzen zituen eta arrain-salda batekin etxeko ekonomia laguntzeko amantalaren poltsikoetan sardina edo antxoen buru eta barrukiak gordetzen zituen.

Eta nik poltsikoak hutsik…
Tituluak eta tituluak pilatuz, itxuraz, arrain-hondarrek baino elikagai gutxiago dutenak.